Adierazpen askea babestea eta komunikazio global segurua ahalbidetzea kode irekiko pribatutasun teknologiaren bidez.

Gure misioa

Babestu adierazpen askea eta ahalbidetu komunikazio global segurua kode irekiko pribatutasun teknologiaren bidez.

Pribatutasuna lehenik

Signal Messenger da gure produktu nagusia, eta uste dugu inork (ezta guk ere) datuak eskuratu ezin izatea dela erabiltzaileen pribatutasuna defendatzea, datu horiek "arduraz" kudeatzea baino.

Kode irekia

Kode irekiaren komunitateko kide konprometitu gisa, gure teknologia argitaratu egiten dugu, eta ezagutzak partekatzen, beste enpresa batzuek beren produktu eta zerbitzuetan erabili ahal izan ditzaten.

Irabazi-asmorik gabekoa

Signal Fundazioa 501c3 irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da. Izendapen horretaz harro gaude, eta irabazi-asmorik gabeko erakunde batek irabazi-asmoak dituen erakunde baten mailako berrikuntzak eta negozioak egin ditzakeela frogatzen dugu.

Fundazioa + LLC

Signal Fundazioa 2018an sortu zen, 2012an sortutako Signal Messenger-i laguntzeko. Fundazioaren bitartez, Signal-en hazkundeari eta etengabeko eragiketei lagundu ahal izan diegu, baita komunikazio pribatuaren etorkizuna ikertu ere.

Pribatutasuna irabazien gainetik

Signal iragarlerik edo inbertitzailerik ez duen irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da, eta hura erabiltzen eta baloratzen duten pertsonek soilik mantentzen dute.

Zergatik fundazioa + LLC egitura?

Signal Fundazioa sortu genuen Signal Messenger-en guraso gisa, misio berera bideratutako pribatutasuna babesteko beste proiektu batzuk sustatu nahi ditugulako egunen batean.

Dohainik denontzat

Komunitatearen laguntzan oinarritzen gara Signal Messenger doako aplikazio gisa helarazteko mundu osoko milioika pertsonari. Lagunduko diozu kausari?

Zuzendaritza-batzordekideak

Amba Kaken erretratua

Amba Kak

Amba Kak abokatua eta teknologia-politiken alorreko aditua da, eta hamarkada bat baino gehiagoko esperientzia du aholkulari gisa nazioz gaindiko gobernu-erregulatzaile, industria, gizarte zibileko erakunde eta erakunde filantropikoentzat. Gaur egun, politikak ikertzeko New Yorkeko erakunde aitzindaria den AI Now Institute-ko zuzendari exekutiboa da, eta Northeastern University-ko Zibersegurtasun eta Pribatutasun Institutuko senior kidea.

Amba AEBko Merkataritza Batzorde Federaleko senior aholkulari gisa aritu izan da, non arautzaileei aholku eman baitie gorabidean dauden teknologia-gaietan. AI Now-ren aurretik, Amba Mozillako Politika Globalen aholkularia izan zen, eta, bertan, erakundeek hainbat gairen inguruan dituzten posizioak garatu eta aurreratu zituen; adibidez, datuen pribatutasun-legeen eta sareen neutraltasunaren inguruan Asia-Pazifikoan eta harago. Gaur egun, Mozilla Fundazioko Zuzendaritza Batzordeko programa-batzordean dago. Ambak Indiako Zientzia Juridikoen Unibertsitate Nazionalean lortu zuen lizentziatura. Zuzenbideko master bat eta Interneteko Gizarte Zientzietako master bat lortu ditu Oxfordeko Unibertsitatean, non Rhodes Scholar gisa ikasi baitzuen.

Brian Actonen erretratua

Brian Acton

2009an WhatsApp mezularitza aplikazioa sortu zuen taldeko ekintzailea eta programatzailea da Brian Acton. 2014an aplikazioa Facebook-i saldu ostean, Actonek konpainia uztea erabaki zuen, bezeroen datuak eta publizitate bideratua erabiltzeko moduaren inguruko ikuspegi ezberdina baitzuen, eta ahaleginak irabazi-asmorik gabeko ekintzetara zuzendu zuen. 2018ko otsailean, Actonek 50 milioi dolar inbertitu zituen Moxie Marlinspikerekin batera Signal Fundazioa abiarazteko. Signal Fundazioa irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da, eta komunikazio pribatua eskuragarri, seguru eta nonahiko bihur dadin egin behar den oinarrizko lana bideratzea du helburu.

WhatsApp eta Signal Fundazioa sortu aurretik, Actonek software-sortzaile gisa egin zuen lan 25 urtez baino gehiagoz Apple, Yahoo, Adobe eta beste enpresa batzuetan.

Jay Sullivanen erretratua

Jay Sullivan

Jay produktu-sortzailea da, eta eskarmentu handia du kontsumo-teknologien alorreko produktu- eta ingeniaritza-lidergoko senior gisa. Duela gutxi, Twitter-en kontsumitzaile eta diru-sarreretarako produktuen zuzendari nagusia izan da, eta bere gain izan ditu ingeniaritza, produktuak, diseinua, ikerketa eta datu-zientzia. Twitter-en aurretik, Jay Facebook-en egon zen, non Reality Labs-en AA Laguntzailearen garapena zuzendu baitzuen eta, ondoren, Messenger eta Instagram Direct-en pribatutasunaren, segurtasunaren eta sistemen produktu-taldeak zuzendu baitzituen. Jay produktu- eta eragiketa-zuzendari nagusia izan da Mozilla-n, non Firefox-en kaleratze nagusiak zuzendu baititu hura gorabidean zegoenean, eta web-plataformaren ebanjelaria izan da jendeari sarean aukera eta kontrol gehiago emanez.

Jay startup-en sortzailea ere izan da, eta bere ibilbidearen hasiera software-ingeniari eta ingeniaritza-kudeatzaile gisa eman du Firefly Network-en (Microsoft-ek erosia) eta Oracle-n.

Jay matematika aplikatuetako lizentziatua da Yale College-n eta Ameriketako Estatu Batuetako hainbat patenteren asmatzailekidea da.

Katherine Maherren erretratua

Katherine Maher

Katherine Maher Wikipediaren arduradun den Wikimedia Fundazioko zuzendari nagusi ohia eta zuzendari exekutiboa da. Gaur egun, Atlantikoko Kontseiluko senior kide ez-egoiliarra da, non bere lana teknologiaren, giza eskubideen eta demokraziaren arteko elkargunean oinarritzen baitu. Wikimediaren aurretik, Access Now eskubide digitalen erakundeko defentsa-zuzendaria izan zen. Maher Kanpo Harremanetarako Kontseiluko kidea da, bai eta Munduko Ekonomia Foroko lider gazte globala, eta Truman National Security Project-eko segurtasun-kidea ere. Center for Technology and Democracy, Consumer Reports, Digital Public Library of America, Adventure Scientists eta System.com-en zuzendaritza-batzordean dago, baita Beiruteko American University-ko patronatuan ere. AEBko Kanpo Arazoetako sailaren Politiken Batzordeko kide izendatua da, non estatu-idazkariari teknologia-politiken inguruko aholkularitza ematen baitio. Ekialde Hurbilari eta islamari buruzko ikasketetan lizentziatu zen New Yorkeko Unibertsitateko Arte eta Zientzien Fakultatean 2005ean, Kairoko (Egipto) American University-ko Arabieraren Institutuan eta Damaskoko Institut français d'études arabes-en (IFEAD) ikasi ondoren.

Meredith Whittakeren erretratua

Meredith Whittaker

Meredith Whittaker Signal-en presidentea eta Signal Fundazioaren zuzendaritza-batzordekidea da.

17 urte baino gehiagoko esperientzia du teknologian; besteak beste, aditua da industrian, mundu akademikoan eta gobernuan. Signal-en presidente izan baino lehen, Minderoo-ko ikerketa-katedraduna izan da NYUn, bai eta AI Now institutuko fakultate-zuzendaria ere, zeinaren kofundatzailea baita. Haren ikerketei eta lan akademikoei esker, AAren politika globala itxuratzen lagundu du, eta AAren inguruko narratiba publikoa aldatzen lagundu, AA modernoak behar dituen zaintza-jardunbide enpresarialak eta baliabide industrialen kontzentrazioa hobeto ezagutaraziz. NYUn egon aurretik, hamarkada batez baino gehiagoz egin du lan Google-n; bertan, produktu- eta ingeniaritza-taldeak zuzendu ditu, Google-ren Open Research Group sortu du, eta M-Lab proiektuaren kofundatzailea izan da, zeina mundu osoan banatuta dagoen eta sareak neurtzeko balio duen plataforma bat baita (gaur egun, Interneten errendimenduari buruzko datu irekiak eskaintzen dituen iturburu handiena da). Google-ren antolaketa-zuzendaria ere izan da. AAri eta haren kalteei buruzko kezken aurrean konpainiaren erantzun eskasaren aurkako antolatzaile nagusietako bat izan da, eta Google Walkout-en antolatzaile zentraletako bat izan da. Etxe Zuriari, FCCri, New Yorkeko Udalari, Europako Parlamentuari eta beste hainbat gobernuri eta gizarte zibileko erakunderi aholkuak eman dizkie pribatutasunari, segurtasunari, adimen artifizialari, Interneteko politikari eta neurketei buruz. Halaber, duela gutxi legegintzaldi bat bete du AEBko Merkataritza Batzorde Federaleko presidentearen AAren inguruko aholkulari nagusi gisa.

Emeritua

Moxie Marlinspikeren erretratua

Moxie Marlinspike

Moxie Marlinspike Signal-en sortzailea da.